Errenteriak askotariko espazio naturalak ditu 3.200 hektareako lursailean sakabanaturik, hiri nahiz landa espazioak, handiak nahiz txikiak, babestuak nahiz babestu gabeak. Hori dela eta, harrotasunez esan dezakegu eskualde honetako biodibertsitatearen kontserbaziorako ezinbestekoak diren bi eremu babestu hauek okupatzen dutela lurralde osoaren %60: Aiako Harria Parke Naturalean eratuko den Añarbe Erreserba Eremua eta Lau Haizeta Parkea, San Marko, Txoritokieta, Arkiri eta Kutarro izeneko baso eta larreak dituena.

Bestalde, nabarmentzekoa da gure herriko nahiz auzoetako zenbait parkek eta ibaiertzek biodibertsitatearen kontserbaziorako duten garrantzia. Izan ere, hiri ingurunera moldaturiko fauna eta floraren (gorostiak, haritzak, saguzarrak, kaioak, ubarroiak, enarak, txolarreak, birigarroak, eta abar) babesleku dira Fanderiako meandroa eta Oiartzun ibaiaren ertzak, Alabergako zuhaiztiak eta Nafarroa zein Arramendi parkeak.

Natura 2000 Sarearen LIFE Natura Proiektua, Tokiko Agenda 21 egitasmoko Akzio Plana, Ingurumen alorreko Udal Estrategia berria, Belaunaldien Basoa edo honako web hau dira Errenteria Berdea iraunaraztearen eta ezagutaraztearen alde erabiliko ditugun tresnetako batzuk.

Murgildu Errenteria berdean. Gozatuko duzu.
Julen Mendoza Perez, Errenteriako Alkatea.